XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Biraketa-higidura Fisikariek unibertsoko zenbait biraketa-higidura ezagutzen zituzten jadanik, zeruan eta Lurrean maiz ikertuak izan zirelako.

Newton-ek mota honetako higidurak ikertu zituen eta zenbait definizio berritara heldu zen: Azelerazio zentripetuaren kontzeptua alde batetik.

Higiduraren ibilbidea kurba batetan zehar gertatzen denean, azelerazioa bi osagaitan banatua izan daiteke, azelerazio tangentziala, edo tangentearen norabidea daukana eta beste osagaia, azelerazio zentripetua, zentruranzko norabidea duena.

Nahiz eta abiadura konstantea izan, gorputz baten higiduraren norabidea aldatzen baldin bada, Newton-en legeek indar bat egiten ari dela esaten digute.

Indar hau indar zentripetua da.

Honen arauera, indar zentripetua azelerazio zentripetuaren itxuran agertzen da, soilik higiduraren norabidea aldatzeko eragina duelarik.

Honegatik, indar zentripetua desagertzen baldin bada, higidura ez da kurbatua izango, lineala baizik eta gure partikula tangentearen norabideari lotuko zaio.

Beraz, bai indar zentripetua, bai azelerazio zentripetua, kurbadun higiduraren eragileak dira, eta konstanteak direnean, biraketa-higidura zirkularrarenak.

Kontzeptu hauek biraketa-higiduraren oinarriak dira, gero aurrerabide nahiko lortuko zutenak.

Nahiz eta Newton-en denborakide batek, Huygens-ek, argitaratu zuen lehenik teoria hau, gaur Newton-en ideia originaltzat ezagutzen dugu.

Grabitazioaren legea Newton heldu arte, nahiz eta zientzia itxura praktiko berria hartzen hasi, problema garrantzitsu zahar bat ebazpenik gabe zegoen: Eguzki-sistemaren egitura eta beraren dinamika.